XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horrek esan nahi du agente ekonomiko partikularrak edo taldeak aberas daitezkeela ingurugiroa kutsatuz, hortatik datorren kostua ordaindu gabe, hau gizarte osoaren gain etorriko baita.

Horrela, diruaren akuiluak gehiegizko ustiaketa dakar.

Prezioen bilakaera seinale automatikoa den hori indarrik gabe geratzen da eta ez du ez motibazio-indarrik eta ez da eskasiaren indize ere.

Baso eta hauen antzeko baliabideetan, ez dago bultzagarri handirik ezta politika nazionaletarako ere, lekuz leku jasan behar izaten baitira interes orokorreko politikak.

Hardinek herri ondasunen drama deitu zuen eta orain erabat zabaldutako esakundea da.

Giza talde tradizionalek beren herri-ondasunak taxuz kudeatzen asmatu dutela egia den arren, horrelako egiturak oso ahulak dira garapen ekonomikoko indarren aurrean.

Dena den, gaur egungo arazo ekologikoek muga komunitarioak, nazionalak eta kontinentalak ere gainditu egiten dituzte.

Baliabide berrigarriak gehiegi ustiatzea, berez txarra izanik, larriagotu egiten da hazkunde demografikoaren kariaz.

Teoriaz, kontrola daiteke gehiegizko ustiapena politika eta erabaki egokien bitartez, baina egiatan oso da zaila, ze presio demografikoa ez baita hor tartean dagoen faktore bakarra.

Bizimailaren hobekuntza eta tekniken bilakaera ere kontuan hartzeko faktoreak dira, baina ez da neurterraza egoera jakin bakoitzean horietako bakoitzak duen eragina.

Dena den, zenbat eta biztanlegoa gehiago handitu orduan eta gehiago murrizten da bakoitzak eskura dauzkan baliabideen proportzioa, ondo nahiz gaizki erabiltzen dituen kontuan hartzeke ere.

Horrela lehenera gatoz berriro ere: hasieran ematen zuen arazoa lurraren banaketa zela eta gero produkzio-ondasunena eta giza kapitalaren eta merkatuaren dinamismoari berea emanez zuzendu ahal izango zela, baina berriro datorkigu aurrera berezko mugapenak direla medio.

Oraingoan, ordea, merkatuaren kontrolari erabat ihes egiten dioten baliabideak dira.

Zenbaiten ustez jaiotzak araupetzea presa handiko erabaki ekologikoa da.

Beste batzuk ez dira hain zorrotzak.

Nolanahi ere, egiten ari diren ikerketek bide ematen dute pentsatzeko hobeto ulertuko direla hemendik urte batzuetara populazioaren eta ingurugiroaren artean dauden loturak.

Dena den, leherketa demografikoaren kostua mundu osoak jasaten duenez gero, famili plangintzarako politika nazionalek ez dute konbentzimendu-indar handirik.

Nazioarteko elkarlanak bakarrik eskainiko du agian herriondasunen drama berri honi irtenbide emateko modua.

Tuaregei haziak banatzen Sahel basamortu egin ez dadin ahaleginetan.